Bi alde

2008 - 04 - 27

Ega 

Lerro fin eta mugikor batek

bereizten gaitu bestaldetik,

marra lodi eta jarrai batek

garamatza beste aldera.

Txorien txioak aditzen dira

noizbehinka kanpoan,

isiluneak etorkizuna jotzen du

arpegio luzeetako segidan.

Liburu batetik

2008 - 04 - 23


Liburu batetik hartutako hitzak:
Saihestezina
hogeita lau ordutan
turistentzat gordetzen den ura
agortzea,
lau minututan galduta
kutsadura erradioaktiboa
amaraunean,
gaurko nobedadea
irla galdutako argazki
erbesteratuak
eta arrantzalearen gorpua hondartzan,
fisikaren metafisikaren sekretuak,
kamioi bateko fardelak
errepidera erortzen direnean
haiek jasotzeko behartsurik ez.

Gure ahotsen oihartzuna

2008 - 04 - 17


Katu batek usaintzen du
zakarretara bota genuen
oheburukoa,
mikrouhinean
ez dira berotzen
txingarrak tomatearekin,
ardo beltz tantek
zikindutako
mezu elektronikoa
bidaltzen dizut
eta eskale baten
zurrungek
haren hitz jokoak
iradokitzen dituzte,
huntzak babesik gabe
xurgatzen du
zakarregia ez den
gau bateko euria
kiwi, marrubi eta mango
mazedonia
gozatzen dugun artean.
Non geratu da
amesten genuen hura
izatera iritsi ez garela
abesten zuen
gure ahotsen oihartzuna?

Etorbidea

2008 - 04 - 13


Nire arimara doan etorbidea
hartzeko gogoa izan nuen,
tarteka udaberriz jantzitako
zumarren artean,
tarteka zoruan zabaldutako
zuloak saihestuz,
eta hiribildura hurbildu nintzen horrela,
harresi barruko gunera,
nire aberri kutunera.
Azokak zeharkatu nituen
etxeetako atarietan zintzilikaturiko
salgaien artean,
auzune garaiak eta
zabortegia ere ikusi nituen,
harrizko eraikuntzetako enparantzak
eta estolda irekiak.
Han egon nintzen,
paseatzen, bazter ezezagunak ezagutzen,
begiratzen nuena gogoratu nahian,
baina atzerako bidean,
zumardi zulatuan
oroimena galdu egin nuen.

Zertarako bilatu

2008 - 04 - 08

Zertarako bilatu
gogoaren baitan,
bilatzen duzuna
mila alkandoren azpian
ezkutaturik balego bezala,
nahi duzun hori aurkitzeko
harribitxiak antzemateko gailua,
iparrorratza eta mezu arakatzaileak
beharko bazenitu bezala.
Zertarako bilatu
anabasa horretan,
trastez betetako ganbara ilunean,
liburu zaharrek gainezka betetzen dituzten apaletan,
aurrera so eginda
begi erdi hertsiez
antzeman badezakezu
lasaitzen zaituen argitasun arina,
sumatu ahal baduzu
gidatzen zaituen ziurtasun epela,
aurkitzerik baduzu
lurrean egonkortzen zaituen oreka.

Istanbuleko meskita

2008 - 04 - 01

Istanbulen meskitak daude. Gauza gehiago ere badaude, noski, eta baita mota desberdinetako tenpluak, erlijio anitzekoak. Baina zerbait adierazgarria badago Istanbulen, meskitak dira, ugariak, haien kupula borobilak eta minareteak zeru urdinaren kontra.

Meskita bakoitzak patio bat edukitzen du sarreran, atari moduan. Tenplura sartu aurretik oinetakoak kendu behar dira, eta Istanbuleko meskitetan kaxoi handi batzuk daude plastikozko poltsez beteak: horietako poltsa bat hartu behar da barruan zapatak gordezeko, eta poltsatxoa eskutan sartzen da jendea meskita barrura. Atzealdean egurrezko banku luze batzuk daude, baita ere apal moduan erabil daitezkeenak han oinetakoen poltsak uzteko.

Eguerdi batean Eyüp meskitara sartzen naiz. Imana bere pulpituan dago, sermoia esaten. Gizon ugari daude alfonbra gainean eserita haren hitzak entzuten. Errespetuz, atzean ipintzen naiz, zapaten poltsa apalean uzten dut eta alfonbra gainean esertzen naiz ezagutzen ez dudan erritua eta kolore urdin eta horietako meskita ikusteko. Gizonetako batzuk, zaharrenak eta elbarriak, paretaren kontrako bankuetan esertzen dira, zapatak gordeta dauden bankuetan.

 

Imanaren predikuak aurrera jarraitzen du, eta bitartean geroz eta gizon gehiago sartzen dira meskita barruan (emakume pare bat ere, eta haientzako bereziki prestatua dagoen txokoan sartzen dira egurrezko sareta batek ezkutatuta). Gizon bakoitzak bere poltsatxoa dakar, zapatak barruan, eta banku luzeen azpian ipintzen du. Ondoren, alfonbra gainean geratzen den geroz eta leku urriagoan bilatzen du non jesarri. Iruditzen zait fededunetako batzuk gaizki begiratzen didatela, baina gehienek ez naute ikusten hainbeste jenderen artean. Erromesaldi lekua da Eyüp meskita, bertan Mahomaren estandartea zeraman tenientearen gorpua gordetzen baita. Horregatik Istanbul bertako musulmanez gain, mundutik etorritako asko daude ere.

Imanaren erretolika amaigabea dirudi, ez diot ezer ulertzen, bere hitzak bobeda urdinaren azpiko espazioan hedatzen dira niri ezer berezirik esan gabe, baina nire baitan sentipen deseroso bat barreiatzen da, lekuz kanpo aurkitzen dut nire burua, eta handik irtetea erabakitzen dut, ez dakidalarik errespetu handiagoa erakusten dudan han jarraituz, edo handik ihes egiten.

Orduan alfonbratik altxatzen naiz, predikatzailea isildu eta pulpitutik jaisten hasten denean. Sinestunak ere zutitzen dira imana meskitaren aurrealdera iritsi bitartean. Otoitzak hasi behar du, eta nik kanpora irten nahi dut. Otoitza hasiko denez, kanpoan zeuden beste gizon asko sartzen ari dira bi ateetatik, eta nik zapatak aurkitu behar ditut, atzeko paretaren kontra utzi ditut egurrezko bankuaren azpian, baina orain bankua gizon zaharrez beteta dago, denak han eserita, eta haien azpian ehunka poltsa zapatez beteak, eta ez dakit non egongo diren nire oinetakoak, eta ez dirudi oso ideia ona eserita dauden agureei hankak altxa arazten hasteak.

Beraz, bankuan geratzen den lekutxo batean esertzea erabakitzen dut. Bitartean, apaizaren hitzak jarraituz, meskita handi honetako alfonbra osoa betetzen duten gizonak altxatzen dira, gero makurtzen, berriz zutitzen, lurrera bota ipurdiak gora, berriz erdi makurtu, berriro lurrera, orain zutitu… Egurrezko eserlekuan dauden elbarriak, nire ondoan, ez dira lurrera makurtzen, baina gorputzarekin aurrera eta atzera ari dira etengabe, eta nik nire botak nahi ditut handik ateratzeko. Orain bai nagoela lekuz kanpo.

Azkenean, nire ondoko gizonak errieta egiten dit ez nagoelako otoitza jarraitzen, eta hor jartzen naiz gorputza mugitzen haiekin batera, orain aurreraka, orain gora, orain erdi makurtu, orain zutitu soinketa ariketa egiten egongo banintz bezala, begiak aldetara mugimendua ez galtzeko.

 

Eta azkenean, badirudi otoitza amaitu dela. Sermolaria isildu egiten da eta bazter batetik desagertu, eta gizonezko guztiak atzera datoz haien zapatak jasotzera. Nola jakingo du bakoitzak zein den bere plastikozko poltsa? Edozein modutan, jende gehienak alde egiten duenean konturatzen naiz nire oinetakoen poltsa hantxe bertan zegoela, ondoan neukan gizonaren azpian. Azkenean! Poltsa hartu, atera joan eta kanpoan jantzi ditzaket nire zapatak. Alaren bedeinkazioarekin, Istanbuleko meskiten silueta zoragarriaz goza dezaket aire librean.


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter