Antsietateaz

2008 - 05 - 27


Alkandora kendu nahiko nuke
kolpe bakar batez,
eta urratu,
leihora ateratzen naiz
haizea hartzera,
eta ezin,
bihotza taupaka dabil ero
eta giharrak tinko ditut
hanka puntetatik sorbaldaraino
pertsiana veneziarrak
danbateko batez
ixten diren bitartean,
non zauden ez dakidalako,
eta antsietatearen oroimenak
hitz guztiak burmuinetik
eraman dizkidalako.

Arratsaldeko itzalak

2008 - 05 - 23


Udako solstiziorako hilabete geratzen denean
zuhaitzetako itzal perfilatuak
lurretik arrastaka doaz poliki
arratsalde honetako ordu luzeetan
azkenik paretak heltzen dituzten arte
haietatik nagi igotzen hasten direla.
Zure leihoaren ertzera iritsiko dira
argia desagertzen denean,
gauza oro itzalpetzen den unean
eta ilunabarraren azken argia amaitzerakoan:
zeruan kolore horizta ahula
gauaren urdin ilunak irensteko zorian.

Jolasean

2008 - 05 - 18


Xake partida luze bat jokatu nuen zurekin
lehen peoiak aurreratu zenituenetik,
zaldiak saltarazi genituen
elkarri jarritako oztopoen gainetik,
alfilak gurutzatu eta dorreak lerrokatu ziren
hirurogeita lau gelaxkako taularen inguruan,
ordu askotan, egunen joanean.
Erregina izan zinen, harro,
zur bernizatuaren gainean irristatuz,
eta azkenik konturatu nintzen
makina berezi baten aurka jokatzea bezala zela
eremu zuri beltzean zurekin lehiatzea.

Itsasorantz beti

2008 - 05 - 13

Ega ibaia 

Erreka ondoko baratzetan zehar ubideak lasterka dakar ur uherra. Tarteka konporta itxi batek uraren noranzkoa aldatzen du, ibairantz jo beharrean ekialdeko muinopean geratzen diren lur sailak bustitzeko. Han beste konporta batek desbideratuko ditu ur soberakinak, azkenik, lurrak xurgatu gabeko jarioa berriro errekara iristeko. Agian, kilometro batzuk beherago beste uharka batean errekatik alde egingo dute berriro ur tanta horiek, fruta-arboladi eta barazki ilara gehiago asetzeko. Agian, itsasorantz jarraituko dute, beti itsasorantz, ur lasterretan behera arin, urtegietan geratuz mantso.

Hala doa nire bizitza, batzuetan ezker besteetan eskuin, batzuetan geldo besteetan azkar, errekako bideari jarraituz edota lur zokorrak bustitzen, beherantz eroso, presarik gabe, premiarik gabe, lasterrak iristen direnean arineketan, ur geldietan nagi, itsasorantz, beti itsasorantz, ibar osoko bihurgune iragankorretan arnastuz.

Margoa

2008 - 05 - 11

 

Hau akuarela bat da, urez egindako margoa, urmargoa. Lehen pintzelkadak ur asko darama eta margo gutxi, urdin pittin bat zerua koloreztatzeko. Paperak ura xurgatzen duenean, pixka bat idortuta, ur gutxiagoz eta kolore gehiagoz betetako pintzelkadak zabaltzen ditut paperaren gainean, forma desberdinak adieraziz atzeko plano argiaren kontra.

Hau testu bat da, hitzez egindako margoa, hitz-margoa. Lehen esaldietan hitz asko daude eta ideia gutxi, lizun apur bat orria betetzen joateko. Hitzak idatzita daudenean, lehortzen direnean, hitz gutxiagoz eta mami gehiagoz hornitutako esaldiak zabaltzen ditut paperaren gainean, gertaera desberdinak adieraziz aurreko perpaus azkarren kontra.

Nor zaren

2008 - 05 - 04

Ilargia

Ez zinen zu han zegoena,
ez behintzat orain zaren zu hau,
noraezean zebilen norbait baizik,
ez ziren zure begiak, zure ezpainak
paisaia galdu horietan zihoazenak
helmugarik gabe etorkizun bila.

Ez zara zu izango
zahartzaroan lagunduko nauena
kale arteko joan etorrietan,
ez dira izango zure besoak, zure pausoak
paisaia galduetan helduko nautenak
xederik gabeko iraganaren bila.

Hementxe zauden hori besterik ez zara.


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter