Itsasorantz beti

2008 - 05 - 13

Ega ibaia 

Erreka ondoko baratzetan zehar ubideak lasterka dakar ur uherra. Tarteka konporta itxi batek uraren noranzkoa aldatzen du, ibairantz jo beharrean ekialdeko muinopean geratzen diren lur sailak bustitzeko. Han beste konporta batek desbideratuko ditu ur soberakinak, azkenik, lurrak xurgatu gabeko jarioa berriro errekara iristeko. Agian, kilometro batzuk beherago beste uharka batean errekatik alde egingo dute berriro ur tanta horiek, fruta-arboladi eta barazki ilara gehiago asetzeko. Agian, itsasorantz jarraituko dute, beti itsasorantz, ur lasterretan behera arin, urtegietan geratuz mantso.

Hala doa nire bizitza, batzuetan ezker besteetan eskuin, batzuetan geldo besteetan azkar, errekako bideari jarraituz edota lur zokorrak bustitzen, beherantz eroso, presarik gabe, premiarik gabe, lasterrak iristen direnean arineketan, ur geldietan nagi, itsasorantz, beti itsasorantz, ibar osoko bihurgune iragankorretan arnastuz.

0 erantzun »

Oraingoz, erantzunik ez

Utzi zure erantzuna


Oharra: mezu bat agertuko zaizu, leihotxo batean sar dezazun ondoan ikusiko duzun zenbakia (zabor-mezuak saihesteko neurria)


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter