Urruntasunean ulu

2008 - 06 - 29

Kolorerik gabeko isiltasuna,

hutsune gardena,

itzalitako keinuen

aukera infinituak,

sosegu eta patxadazkoak,

betikotasun zatiezinean

bihurtutako beste une bat,

eta azkenik geratzen naizenean

istant honetan geldirik,

urruntasunean egiten duzu ulu

isiltasuna leherraraziz,

espazioa koloreztatzen duzu

play sakatu izan bazenu bezala.

Ahanztura

2008 - 06 - 24

Urumea Donostia 

Indietako gaztainondoak ibai ertzean

gaueko ordu txikitan,

aurpegi borobila eta esku iheskorrak,

bizitza berri baten sorrera lizuna,

erabili eta botatzeko argazki kamara batekin

egindako argazkiak non dauden

galdetzen duzunean,

hamasei lerrotako olerki bat idazteko tinta

boligrafo lehertua zikintzerakoan,

telefono zenbaki bat, sei lau…

dagoeneko zerrendatik kendutakoa,

eta aditzik gabeko esaldi kateatuak,

olagarroa piper berdearekin

eta barruko arropa leihoan zintzilik,

hizkuntza zahar baten azken ahotsa

mahai gaineko sagarren artean,

hori dena da ahanztura,

hori dena ez gogoratzea.

Jario likatsua

2008 - 06 - 15


Bazenekien egun hau iritsiko zela
eta noiz hasi ote zen dena
abesten hasiko zinela,
erantzunik gabeko
doinua aireratzen.
Biharamunetik aurrera
zereginik gabe geratu ondoren
dardarka esnatuko zinela.
Ez zenekien, ordea,
errepikatutako esaldiari
helduko zeniola alperrik,
musikaren doinuak ihes egingo zizula
pianoaren teklatuaren gainetik,
argindarra joaten denean
hozkailuko izozkiak urtu
eta jario likatsuan erortzen diren bezala.

Eskale harritua

2008 - 06 - 10


Izerdi usaia artilezko jakan,
trenbide ondoko txaboletan
tximinia azpiko sutondoan
lehortutako galtza eta galtzerdiak,
egun batzuetako bizarra,
ile txima orraztu gabeak
koloretako pilotak
malabarismoak egiteko
supermerkatuaren aurrean,
txanpon batzuk eskatzen,
eta bere begien aurrean
bezero urduriak igarotzen
sekula jango ez dituzten
babarrun tonak gainean.
Trasteak biltzen ditu, goseti,
eta jasotako diruarekin
geratzen ez dena erosi nahi du gajoak.

Nekaturik

2008 - 06 - 05

Tarifa

Zur ederreko altzarien kolore ilunaren ordez
plastikozko apaletako gris itzaliak
betetzen ditu egongelako paretak,
zuhaitzetako hosto zabalen artetik
txolarreen txioak entzun ordez
itsas ontzien eta trenen zarata datorkit,
eta droga izugarrien eraginpean egongo banintz bezala
beldur irrazionala jasaten hasten naiz,
ulertezina eta arrotza, erotasunetik gertukoa,
ingurukoengan sumatzen ez dudan erotasuna,
urruna eta sakona, beldurretik gertukoa,
garai zahar eta ahaztuak biziberritzen dizkidana.
Baina zuretzako prestatu behar nuen abestia
eskuetatik joaten ari zait oraintxe,
eskaini nahi nizun olerkiaren lerroak
leihoaren zirrikituetatik ihesi doaz,
eta berriro nire onera etortzen saiatzen naiz,
alperrik eta nekaturik,
agortuta abuztuko galsoroen antzera,
itxaropenik gabe eta unaturik,
itsasbeherak arroketan utzitako
putzu gazien eta beroen modura.

Ur jauzia

2008 - 06 - 01

Beriain 
Euria egiten duenerako teilatu bat daukanari ur tantek ez diote gehiegi eragiten. Teilatua pitzatu gabe badago behintzat, aterpean itoginik sortzen ez bada behintzat, filtrazioek paretetako pintura altxatzen ez badute behintzat. Euri fina orduetan etenik gabe teilen gainetik irristatzen denean eta mendi magaletik jaisten den behe lainoak egurrezko habeak blai uzten dituenean aire osoan hedatzen diren ur tanta ikusezinek bazter guztiak ukitzen dituzte, eta arroka sendoenetako zirrikituetatik sartzen dira lur azpiko errekak sortzen.

Gure inguruan hedatu da laino limuria, eta gure baitan sartu, eta arrasto meharrak sortu, eta bat-batean atera egin da jauzi luze batean amildegian osatu duen zulo batetik behera, barren barreneko bide ezkutuenak igaro eta gero.


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter