Ur jauzia
Euria egiten duenerako teilatu bat daukanari ur tantek ez diote gehiegi eragiten. Teilatua pitzatu gabe badago behintzat, aterpean itoginik sortzen ez bada behintzat, filtrazioek paretetako pintura altxatzen ez badute behintzat. Euri fina orduetan etenik gabe teilen gainetik irristatzen denean eta mendi magaletik jaisten den behe lainoak egurrezko habeak blai uzten dituenean aire osoan hedatzen diren ur tanta ikusezinek bazter guztiak ukitzen dituzte, eta arroka sendoenetako zirrikituetatik sartzen dira lur azpiko errekak sortzen.
Gure inguruan hedatu da laino limuria, eta gure baitan sartu, eta arrasto meharrak sortu, eta bat-batean atera egin da jauzi luze batean amildegian osatu duen zulo batetik behera, barren barreneko bide ezkutuenak igaro eta gero.
