Nekaturik
Zur ederreko altzarien kolore ilunaren ordez
plastikozko apaletako gris itzaliak
betetzen ditu egongelako paretak,
zuhaitzetako hosto zabalen artetik
txolarreen txioak entzun ordez
itsas ontzien eta trenen zarata datorkit,
eta droga izugarrien eraginpean egongo banintz bezala
beldur irrazionala jasaten hasten naiz,
ulertezina eta arrotza, erotasunetik gertukoa,
ingurukoengan sumatzen ez dudan erotasuna,
urruna eta sakona, beldurretik gertukoa,
garai zahar eta ahaztuak biziberritzen dizkidana.
Baina zuretzako prestatu behar nuen abestia
eskuetatik joaten ari zait oraintxe,
eskaini nahi nizun olerkiaren lerroak
leihoaren zirrikituetatik ihesi doaz,
eta berriro nire onera etortzen saiatzen naiz,
alperrik eta nekaturik,
agortuta abuztuko galsoroen antzera,
itxaropenik gabe eta unaturik,
itsasbeherak arroketan utzitako
putzu gazien eta beroen modura.
