Galdu
Banoa Baigorri, Oteitza eta Larraga arteko artadietan galtzera.
Noizbehinka nekazariak gidatutako traktorea zeharkatzen duen bidean gora, dagoeneko zainzuriak eman dituzten landare ilaren artean, ohorezko hondarrean pilatutako harri landuen azpitik sortzen diren masustondoen fruituak jatera joango naiz, mendi garaietatik datozen ibarrak elkartzen diren puntuan, mendi sakratuaren azpian, udako berotan ere idortzen ez diren aintziren ondoan, buztin gorritan oinetakoak zikintzera. Iparraldera begiratuko dut, mendi tontorretatik agertzen diren hodeiek ekaitza dakarten jakiteko, eta orduan buelta hartuko dut hegorantz, ibai ondoko bideari jarraituz etxeko babesa bilatzeko.
Eguzkiaren azken argitan, artzaina agurtuko dut, eta une batez, bere bakardadearen esanahia ulertuko dut.
