Hegaldia
Ortzian zehar egiten dut hegan
hodeien artean
eta atzean uzten ditut,
berriro etorriko ez den haizeak bezala,
harrapatu ezin ditudan ideiak,
ulertu ez arren behin eta berriro
irakurtzen ditudan hitzak,
zeru urdinaren doinuarekin
pentagrametan elkartzen diren soinuak,
airean ibiltzeari uzten diodan arte
poliki,
hartzen dut lur
eta zutik jartzen naiz indartsu
oroitzen dudan otoitz bakarra esanez,
zergatia jakin gabe,
adierazten dudan ezer ulertu gabe,
soilik oinak zoruaren gainean
sentitzen ditudalako,
eta burua zure besoen artean.
