Ezustean

2008 - 08 - 25

 

Ezustean harrapatzen gaitu gehienetan,

mendiaren labarren artean

bat-batean sortutako ur jauzia balitz bezala

zuhaitzen adar hostoetan itsasten den lainoa.

Oharkabean, hildakoen omenez

paratutako oroitarrietatik sortua

hurbiltzen zaigu zori ezkutua,

tximeleta zahartuen hegaldia bezala,

dardarati.

Ahots batek nahigabean adierazten digu

ordua iritsi dela,

edo baratza saldu nahi zuen bizilaguna hil dela,

edo entzierroan behi batek gazte bat

larriki astindu duela heriotzaraino.

Sugandila txiki batek

bideko harrixkak saihesten dituen bitartean

ezustean harrapatzen gaitu lainoak berriro.

Berotan

2008 - 08 - 18

 

Beharko nituzke agian beste hainbat bizitza,

baina ordubete eskas batekin

moldatu beharko naiz

su hau itzaltzeko.

Eta lan horretan hasten naizenean

konturatzen naiz ez dela denbora kontua,

ez eta gogo arazoa ere.

Hotza da behar dudana,

beste hainbat bizitzen itxaroan

lortu ezingo dudan izotza.

Orain hemen nago,

beste abuztu bateko suaren menpe,

dagoeneko biluztu diren

labore-lurraldeen ertzean.

Ordu erdia besterik ez da igaro.

Eta ez nago bakarrik.

Bi muturren artean

2008 - 08 - 10

Leitzaran 

Bi muturren artean murgiltzen gara erdibidetik asko aldendu nahi izan gabe. Bakea eta lasaitasuna topatzen ditugu oparotasun gehiegizkora edo txirotasun gorrira hurbiltzen ez garenean. Iruditzen zaigu bi polo kontrajarrien arteko erdigunean dagoela bertute gorena. Hala izango da.

Ez dakigu ordea, bidea bihurritzen denean eta halabeharrez amildegiaren ertzera modu arriskutsuan inguratzen garenean, ez dakigu orduan lasaitasuna mantentzen, ez dakigu paisaia ikaragarriaz gozatzen, ez gara konturatzen bizitzan ibili beharreko beste tarte bat besterik ez dela. Onik aterako gara patuak hala nahi badu. Edo ez.

Eta amildegiaren ertzetik azkarregi aldentzeagatik beste alderaino iristen bagara, marmolezko pareten kontra jotzeko beldurra sentitzen dugu, gorputza higatzeko izua, hezurrak txikitzeko ikara.

Erdibiderako jauzia egingo dugu berriro, lasaitasunaren bila, atsedena lortu nahian, eta horrenbeste jotzen dugu bidearen erdigunera, bizitza erdi bizi besterik ez dugula egiten.


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter