Ezustean
Ezustean harrapatzen gaitu gehienetan,
mendiaren labarren artean
bat-batean sortutako ur jauzia balitz bezala
zuhaitzen adar hostoetan itsasten den lainoa.
Oharkabean, hildakoen omenez
paratutako oroitarrietatik sortua
hurbiltzen zaigu zori ezkutua,
tximeleta zahartuen hegaldia bezala,
dardarati.
Ahots batek nahigabean adierazten digu
ordua iritsi dela,
edo baratza saldu nahi zuen bizilaguna hil dela,
edo entzierroan behi batek gazte bat
larriki astindu duela heriotzaraino.
Sugandila txiki batek
bideko harrixkak saihesten dituen bitartean
ezustean harrapatzen gaitu lainoak berriro.
