Goizeko geometria

2008 - 09 - 25

 

Ehunka harlauza karratu

eta erdian zulo eliptikoa

eta handik jauziko naiz

bihar goizean

lehen solairuaren altueran egoteko.

 

Ehunka beiraki laukizuzen

eta haietatik argi-izpi paraleloak

eta handik begiratuko dut

bihar goizean

lehen eguzkiaren altueran egoteko.

Metalezko platera

2008 - 09 - 21

Duela egun batzuk tiraderako metalezko kutxatik argazki zaharrak atera nituenean, oroitzapenak etorri zitzaizkidan nahigabean bata bestearen atzetik.

Gaur berriz, sukaldeko armairuaren barrenetako iluntasunean gordeta zegoen metalezko plater bat atera dut, eta oroitzapenak ez, iraganaren pasarte oso bat erori zait gainera.

Kanpin dendaren aurrean ilunabar oro jaten genituen makarroi eta saltxitxa piloen arrastoak ere usaintzen nituela iruditu zait une batez.

Deialdi larria

2008 - 09 - 16

Elkartasuna Kubako herriarekin

Azpiegitura zibilak hondatuta, argindarra garraiatzeko instalazioak deseginda, 320.000 etxebizitza eraitsita, uztak galduta:

Cubainformación

Euskadi-Cuba elkartea
Euskadiko Kutxa - Caja Laboral
3035-0134-46-1340041182

 

 

Eskerrik asko

Hitz txoroak

Telefono fakturaren atzealdean

arkatzez idatzitako hizki okerretan

zirriborratu nituen bat-batean

itsas urruneko uharteetako

filosofo batek esandako hitzak.

Ozen irakurri zenituen

baina ez ziren zuretzat.

Irakurri nizkizun berriro

baina ez ziren zuretzat.

Txoroak beti txoro

erantsi zenuen.

Nire etxea

2008 - 09 - 10

 

Ur karbonikoko burbuila baten barruan bizi den intsektu txiki baten begi niniaren zentroa.

Zentral elektriko bateko zirkuituak kontrolatzen dituen paneleko argitxo baten izpi ia ikusezina.

Ezer ezaren muga ezartzen duen puntuaren baitako muina.

Hortxe dago nire etxea.

Urrunetik

2008 - 09 - 07

Pas 

Bagatoz urrunetik

itzulerako bidaian,

atzean utzita

–eta agian ere, oroimenean–

urak zizelkatu zituen asmoak,

haizeak ekarritako lagunak,

ilargi onak zaindutako ametsak.

Eta bide osoan

zure gorputzak gogora arazten

aurrera goazela,

edo biraka,

edo geratzen garela une batez

urrunean ezer ez dagoela irudikatzen.


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter