Krak

2008 - 10 - 16

 

Zabalik ikusten zuen orain bere asmoetarako bidea. Mus partida batean diru guztia galtzen bazuen, nahikoa zuen osabari Londresera deitzearekin. Amaituta zeuden hainbeste urtetan senitartekoen artean iskanbila latzak sortzen zituzten kalapitak. Dena izango zen berarentzat, amonak utzitako bitxiak eta izebak osatutako arte bildumak, eta aurrerago, osabaren jauregiak ere bereak izango ziren. Bitartean, kartetan aritu zitekeen axolagabe, edo handik hona alperrean, kafetegietako toldoen itzalpean freskagarri alkoholdunak edaten bere aurrean gorputz erdi biluziek aurrera egiten zuten bitartean, lizun.

Gau hartan poker partida zeukan hiriburutik heldutako bera bezalako beste fartsante batzuekin. Berandu iritsi zen, oso berandu, eta hala ere azkena ez zela izango uste zuen. Baina ez, besteak ordurako han zeuzkan, zain, alai itxuran, agian erdi mozkorrik, ke artean gorritsu. Eta partida hartan diru guztia galdu zuen, gainean zeraman guztia eta zorretan utzi zuen kontu itzela. Oraindik ere, etxerako bidean sexu grina asetu zion putetxeko kutunari, zorra kitatzeko epea beste egun baterako luza ziezaion eskatu behar izan zion.

Esnatzerakoan denek egin zuten barre, hiriburuko fartsanteek eta bertako burdelekoek. Dirua galduta edukiko zuten, baina Londresko banku guztiek krak egin zutela aditzeak grazia egin zien, ez zekiten ziur zergatik.


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter