Itsasora berriro
…lau egun ez dira asko
itsasotik urrun egoteko
eta halere, hondartzatik ibili
gauerdian,
argi ahula kresalaren artean…
Lerro paraleloak dira,
zuriak itsaso beltzaren aurka,
eratzen dira eta deseratzen
hondarretara gerturatu ahala.
Itsaso beltzenaren sakonean
lehertu egiten dira
burrunba ozen eta sakon batez,
alderik alde hedatu
eta azalera beltzaren gainean
gerturatzen dira,
bata bestearen atzetik
erritmo iraunkorrean,
zipriztin arin batez hiltzeko
hondarrak xurgatuta.
Eta iruditzen zait ondoan dudala
Virginia Woolf, olatuak deskribatzen:
egunsentikoak, goizerdikoak,
eguerdiko eta arratsekoak,
eta hotzikara batek astintzen nau
goitik behera.
Eta iruditzen zait ondoan doala
Alfonsina Storni, bere sonetoekin
itsasora berriro.
