Seinaleak airean
Seinaleak irakurtzen ditut airean:
azaro erdiko zaparrada erdian,
hego lehorra zain dutelarik,
iparrerantz doazen hegabera galduak;
leihatiletatik argi hotza
isurtzen duen trenari
agur egiten dion umetxoa;
arratsalde bakar batean
bere milaka hosto horiak
galdu dituen makal erraldoia.
Eta badirudi ez direla sekula errepikatuko,
ezingo dudala
haize korronteen eta tanta errepikatuen artean
inoiz gehiago mezu ezkuturik ulertu,
izuak ala ezerezak estaliko dutela nire mundu txikia,
patxadak ala ezinegonak,
sokatik esekita dagoen arropa garbiak.
Beste behin leihoa zabaldu,
arnasa hartu
eta azaroko seinaleak irakurtzen ditut airean.
