Mikel Laboa, goian bego

2008 - 12 - 02

Bere abestien letrak ez ziren bereak, herrikoiak zirelako, edo euskal poeta handienenak, edota beste hizkuntzetako idazleenak. Berez, Bertolt Brecht alemana eta Salvador Espriu katalanaren bezain estilo, hizkuntza eta idazkera desberdinetako poeten olerkiei bizitza eman zien. Baina bereak ez ziren letra horiei doinu ahaztezinak eskaini zizkien, ardura osoz landutako instrumentazio batez lagundu zituen, eta batez ere, bere ahots gozo, leun eta nahastezinarekin jantzi zituen.

Gutako batzuk haren lehen lan musikalarekin jaio eta hazi ginen, garai haietan ia ezkutuan ibilita. Eta helduak egin ginen bere abesti bilduma nola garatzen zen aztertuz, abesti ezin ederragoak nola sortzen zituen jarraituz, bere sormenerako ausardia mirestuz.

Ezagutu genuen guztiontzat, duda izpirik gabe, parez pare eduki izan dugun pertsonarik xume eta maitagarrienetakoa izan da. Batzuetan esaten eta egiten zuenaz oso ziur ez egotearen itxura ematen zuen, eszenatokian ere, baina mikroaren aurrean isiltasuna apurtzen zuenetik aurrera, negar egin arazterainoko magia hunkigarria zabaltzen zuen inguruan. Gaur ezin dut bere ahotsa irratian entzun zirrara batek lur jota uzten nauelako, baina era berean irrikitan nago bere hainbat abesti entzun ahal izateko. Nire lagunaren aitonak erakutsi ziona, esaterako: “Xoxo beltz bat banuen kaiolan sartua, egun batez neguen hil zen gixajua; lurpian sartu nuen zelaian xokuan, eguna argitzen denin xolu hartan xoxuen kantua”. Edo Salvador Espriu handiaren letraz egindakoa: “car només se’m donà d’almoina la riquesa d’un instant”. Edo Bernardo Atxagaren letra erabiliz abestu zuena: “Gure hitzak esan, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal, elur gainean txori hanka arinek utzitako arrasto sail ederra bezalaxe”. Edo Sarrionandiarenak: “Iluntasuna abailtzen da luma galdu bat bezala, begiak uso, mingaina arana, zure bihotza ene aingura”. Eta, nola ez, Xabier Leteren hitzekin eta pianoaz lagunduta abesten zuena: “Ez nau iluntzen baratzatikan azken loreak biltzeak, amets betezko loa baitakar behin betirako hiltzeak”.

Baina hainbeste diska izan ziren, hainbeste kantu!

Baina batez ere bere ibilkera erdi galdua Donostiako kaleetan.

Baina musika izan zen, soilik bere ahotsa.

Egun handira arte, Mikel.

0 erantzun »

Oraingoz, erantzunik ez

Utzi zure erantzuna


Oharra: mezu bat agertuko zaizu, leihotxo batean sar dezazun ondoan ikusiko duzun zenbakia (zabor-mezuak saihesteko neurria)


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter