Porto
Portoko aldapak,
Douro ibaian amaitzen direnak,
galtzara harri zerrenda luze kurbadunak.
Oroimenean iltzatuta
metalezko zubia baino argiago,
Bomjardin kaleko Antunes jatetxea baino sendoago,
eskualdeko ardo zuri txinpartaduna
edota inguruko hondartzetako txalupek
harrapatutako
eta gero patatekin zerbitzatutako
arraia baino sakonago.
Erraz jaisten diren aldapak,
gero igo beharrekoak.
Eta aldapetan dendak, almazenak,
lokal erdi hutsak eta gainezka egin arte betetakoak,
hezetasuna,
aterkiaren ertzetatik
eta egur ustelduen teilatu-hegaletatik
erortzen diren ur tantak,
kolorea galdutako lozaz apaindutako fatxadak.
Bolhaoko merkatua,
desagertutako mundu baten oroitzapena.
Aliados hiribidetik gora,
tren geltokitik behera
–han bai, han, giro herrikoia–,
argi gutxi kale estuetan,
hamarkadetan izoztutako erakusleihoak.
Zerbaiten bila bezala ibili
ezeren bila gabiltzalarik.
