NAKSOS EDERRA
Gaur Naksos uharteari buruz idatzi nahi dut. Orain arte Greziako zenbait lekutara egindako bidaiaren inpresio orokor bat idatzi dut, oso positiboa, egin dugun bidaiak oroimen ona utzi didalako. Kontatu dut ere Atenasko eta Santorini irlako parterik ezkutatuenari buruzko zerbait, dena ez baita postaletako irudietan azaltzen dena, leku guztietan badago arazoak dituen gizarte bat, edo kale zikin bat, edo globalizazioak eragindako desoreka.
Naksos ere ez da perfektua izango, baina niri hala iruditu zait. Arratsalde batez iritsi ginen itsasontziz, Santorinitik bi ordutako bidai polit batean. Eguzkia desagertzen ari zen, eta ilgora zeruan agertu berria zen. Ostatu merke bat hartu genuen, uharteko hiriburuaren auzo berrian, bertako jende gehiena biltzen duen inguruan. Iritsi eta lehenengo gauza herria deskubritzen hastea izan zen.
Gure auzotik parte zaharrera doazen kaleetan denda ugari daude, haietako batzuk (baina ez gehiegi) souvenirrak saltzen dituztenetakoak, baina baita ere okindegi bat bere labearekin, harategi bat, supermerkatu txikiak, arropa dendak, autoak eta motorrak alokatzekoak, eta nola ez, tabernak, hauetako gehienak bertako bezeroentzako direnak –hau berehala nabaritzen da, turistei zuzendutakoek errotulazioa ingelesez dute eta nahiko artifizialak dira leku guztietan–.
Portuaren inguruan badago pasealeku zabal bat, eta hango kafetegiak kosmopolitagoak dira, baina inondik ere beste itsas paseoetan egoten direnen maila inpertsonalera iritsi gabe. Badago jatetxe-terraza bat, beltzez jantzitako hiru atsok daramatena, arraina, olagarro eta txipiroiak kamara zahar batean erakusgai, oso benetakoa. Beste batean menu merkea ematen dute, lehen egunean hori probatu dugu, eta ez dugu zalantzarik: hemen ondo eta merke jaten da, leku goxoetan, gainera.
Badu Naksosek kaiaren ondoan bere ezaugarri nagusienetakoa, Apolloren arkua, tenplu zahar batetik geratzen den arrasto ia bakarra. Lurrari espaloi batez lotutako irlatxo batean dago, eta gauez argiztatzen dute irudi geometriko perfektua itsaso beltzaren gainean goratuz. Gauez, hango gazteria terraza zabal batean elkartzen da, ondoren aldameneko diskotekara joan aurretik.
Biharamunean moto bat alokatzea erabaki dugu, hasieran oreka mantentzea kostatuko zaigula jakinda ere, gure esperientzia motozalea ezagututa. Baina lehen bidegurutzean iparralderako bidea hartu eta kilometro pare bat egin ondoren, konfiantza hartzen diogu gure asto mekanikoari, eta hara goaz, bihurguneak ezkerretara eta eskuinetara, kalatxoak albo batean utzita. Tarte batean bidea konpontzen ari ziren (beharko! hainbeste zulorekin), eta hura igarota, halako batean dorre veneziar bat topatzen dugu mendiaren erdian. Hamaiketakoa jatera geratzen gara han, eta gero aurrera jo, Apollona herrira iritsi arte. Bide guztian, 50 km-tik gora, auto bakar batekin gurutzatu gara. Goialdetik topatzen dugu herria, kurba bat egin ondoren, eta itxura ederra du: hondartza zabal baten ezkerretara dago herrixka, zuri-urdina, hemengo guztiak bezala. Herrira sartu aurretik, ordea, Naksos uharteko beste gauza miresgarri bat topatu dugu: duela milaka urteko marmolezko kouro edo estatua zahar bat, bukatu gabea, harrobian bertan etzana, inoiz handik mugitu ez dena. Bere ondoan gure txikitasunak harritzen gaitu, kouroak, etzanda egonik ere, pertsona zutitu baten altuera baitu, luzeran ez dakit zenbat metro edukiko dituen. Apollonara jaisten gara, eta hondartzan nudismoa debekatua dagoela irakurtzen dugu kartel handi batean. Herritik urrunera dagoen hondartza aldera goaz, eta han, bainujantzia ipini, eta uretara sartzen gara. Hondarra beharrean, marmolezko harri txiki borobilduak daude hondoan, uraren distirarekin argitsuak. Hondartzan bertan jaten dugu ogitarteko bat, eta gero, herriko senadian, taberna bateko terrazatxoan, kafe izoztu bat hartzen dugu. Motoa hartu, eta hiriburura abiatzen gara. Oraingoan zertxobait handitu da trafikoa, baina halere, topatzen ditugun auto eta motoak noizbehinkakoak dira.
Etxean dutxa bat hartu ondoren, herriko alde zaharrera noa, muino batean dago, portuaren ondoan, eta noizbait gaztelu izandako herrixka da, arkuz eta harresiz betea. Behealdeko kale pare batean turistei zuzendutako dendatxoak daude, baina ez gehiegi. Gora aldera, etxetxoak kale estuetan, kastroaren dorrea izandakoa eta eliza nagusia. Polita da herri zaharra, txoko ikusgarriz betea, marmolezko harlauzez egindako kalezuloak, ia ez dabil inor handik. Gaurkoan, berriz ere atzoko lekuan afalduko dugu, eta menutik kanpo, postrerako jogurta eskatzen dugu, benetakoa, gazta guriaren antza duena, eztiaz zerbitzatzen digutelarik.
Hurrengo egunean motoa hartu eta Naksos irlaren erdialdera goaz. Bidean Demetraren tenpluaren aztarnak ikusten ditugu, mahasti eta olibondoen artean dagoena. Berreraikitzen ari dira, eta hainbat azalpen daude eraikina nolakoa zen eta egiten ari direna azalduz. Gorago herri txikiak topatzen ditugu, Halki, ondoren Filota, mendi arteko bailara berde eta altu batean, eta oraindik gorago igoz, Zas mendiaren beste aldean Apiranthora iristen gara. Herriko jendea dabil kaleetan, mandatuak eginez, lanerako bidean, kaleko terrazetan backgamon jolasten edo denbora pasa, besterik gabe. Mundu lasaia da hau, bisitariak daude baina ia ez dira nabaritzen bertako giroan. Souvlaki batzuk bazkaldu ditugu eta berriro abiatzen gara kosta aldera, errepideetatik behera, orain beste bide bat hartuz, eta bidetik gertu zenbait leku bitxi eta harrigarriak topatzen ditugu: Panagia Drossiani eliza, laugarren mendekoa parterik zaharrenean, beste bi nabe “berriago” dituela, zortzigarren eta hamargarren mendekoak; Melanaseko kouroa, zuhaitz handi baten azpiko baratz batean dagoena, beste aztarna batzuetatik gertu; marmol harrobi bat, benetan zuria... eta horrela iristen gara ere hiriburura, gaurkoan beltzez jantzitako atsoenean afalduko dugu, txipiroi erre batzuk, hain zuzen.
Naksoseko gure hirugarren egunean hegoaldera goaz, hondartzetara. Baina aldez aurretik beste bisita kultural bat egiten dugu, Dionisosen tenplu baten aztarnak ikusi: erditik apurtutako lau zutabe besterik ez, eta grazia egiten digu “tenplu greziarren gailurra” ikusi izanak. Hiriburutik gertu badago ostatu txikiz osatutako auzo bat, baina ez da oso betegarria, bertatik pasatzen den bidea asfaltatu gabe dago, eta turista bakanak txirringaz dabiltza bertatik. Halako batean, bidea itsasertzetik aldentzen da, eta etxetxoen artean galdu ondoren, beste bide “nagusi” bat topatzen dugu, hau ere asfaltatu gabe eta zuloz beteta, baina hondartza eder batera eramaten gaituena. Hemen ez du jartzen ezer nudismoari buruz, eta arroparik gabe bainatzen gara bertako uretan, Paros irla aurrean dugula.
Hondartza honetaz aspertzen garenean, aurrera jotzen dugu beste baten bila: hurrengoa ez da oso ona bainurako, hondar finezkoa izanik ere, arroka gehiegi dago uretan. Beraz aurrerago goaz, baina berriro ere galdu eta itsas ondoko muinoetan gora abiatzen gara errepide bat topatu arte. Honi jarraituz, uhartean ikusi dugun hondartza zoragarrienera iristen gara, aurrekoak bezala erabat hutsik, kolore urdin eta morezko loredi baten ondoan dagoen amildegi txiki baten azpian, paradisua. Baina, zerbait bazkaldu behar dugula erabaki ondoren, bidean topatu dugun jatetxe batera goaz lehenbizi. Nik hango plater bat eskatu dut, haragia ez dakit nola eginda, baina hori gaur ez dutela esaten dit zerbitzariak eta galdetzen dit ea nahi izango dudan izen arraroko beste plater bat. Nik baietz, eta arkumea da, patatekin, labean egina, zoragarria nahiz eta pisuegia izan gero hondartzara joateko! Hala ere, tripa ondo beteta, lehenago ikusi dugun hondartza bazterrera goaz berriro ere, eta jantzirik gabe behin baino gehiagotan han bainatu, eta argazkiak egin eta berriz uretara... Eguzkia beheraka doa, eta atzera hiribururako bidea hartu beharrean gaude. Motoa gaur itzultzekoak gara, baina hori egin aurretik hiriburuko hondartza batean hartzen dugu kafe bat. Taberna hau turistek hartu dute, alemanek batez ere, eta ez da harritzekoa, bertan ikusiko baitugu bidai honetako ilunabarrik ederrena. Eguzkia Paros atzean ezkutatzeko dagoela, zeruak mila kolore hartu ditu, eta itsaso barean islatu. Ikuskizun galanta.
Beraz, iluntzen duenean, gure abenturetako motoa bueltatzen diogu Nikos jatorrari, eta afaltzera goaz azkeneko aldiz Naksos ederrean. Hurrengo egunean, motxilak uzten ditugu portuko kontsignan, eta alde zaharreko kaleetan sartzen gara Naksoseko marmolaren gainean gure azken pausuak emateko: oroimen ona eramango dugu hemendik. Opari bat erosi, eta ontzira abiatzen gara. Hemengoak egin du.
Honi buruz zerbait idatzi nahi baduzu, sarrera nagusian egin (beti eskertzen da zure iritzia)
Gehiago jakin nahi baduzu, begiratu hemen:
Panagia Drossiani eliza
Apollonas eta Melanes kouroak
